2010/12/29

ASIER VIRUMBRALESI ESKUTITZ IREKIA

Kaixo Asier:

Azken asteetan zurekin gogoratzen ari naz ohi baino gehiago, eta ez da izango zure argazkia kalean ikusten dodalako, ze ez dakit esan dotzuen, baina CASTELLO ALBOCASSERera trasladatu zintuztenian zure argazki azpian zegoen helbidea zaharkituta gelditu zenez, txapelgorri amable batzuk etorri ziran zure argazkia kentzera, inork eskutitzak bialtzean hankarik sartu ez zezan. Egia esan, gure zergak gure onerako erabiltzen ari diren adibide nabaria da, nahiz eta lapurketak gora doazeneta eta ez duten ezer egiten. Aurretik kontatutakoaz gain, orain seguruago bizi garenaren beste adibide gehiago ere badagoz, Berrizen identifikazioak, mihaketak eta jarraipenak gora doaz eta baita kontatu ezin leizken beste gauza batzuk ere. Baina eskerrak emon beharrean, beti kexati gabiz eta ez gara “aro berri” honetara moldatzen, edo hori diñozkue etangabe, ez?

Bueno, zurekin aspaldian, ohi baino gehiago gogratzen ari nazela nioen. Nik uste, data hauetan, aspaldian ikusi ez doguzan lagunak herriko kaleetatik ikustea espero dogula eta horrek sekulako ilusiñoa egiten dozku, baina badakigu zu ez zaitugula poteetan ikusiko. Aspaldian Berrizko kaleetatik ikusi ez zaitugunez, hurruneko herriren baten zure bizitza egiten ibiliko zarela pentsatu nahiko nuke, errealitatea ukatuz. Zoriontsu ibiliko zarela, zure familixakin, zure helburuengatik borrokatuz eta egunen baten zure lorpenen barri zurito baten aurrean emongo diguzula. Baina zure burrukak eta zure helburuen lortu nahi horrek, errepresio gogorra pairatzera eraman zaitu, zure familia eta lagunetatik hurrun.

Ezin esan ahal dot, zurekin sekulako erlazioa euki dodanik inoiz, egia esan, baina zure falta nabaritzen dot Berrizko kaleetan. Eta halako momentutan zure familixa datorkit burura, eurek sofrimendua ezin dodalako imajinatu be egin. Ze azken finean, gu, berriztar normalak, jaixetan zure kartelak kartel lehiaketa irabazi zenduanez, txupinazo egunean omenaldi polita egin ahal izan genizun eta horrek bete gintuen apur bat, baina zure ingurukoentzako, polita izaki, motz geratu zala zihur nago. Zu hemen egotea gura dogu guztiok. Preso sartu zintuztenek euren legea bete dezaten eskatzen dogu, besterik ez.

Orain aste batzuk, Elorrixoko alkatea dan Nikok Durangaldean txistulari asko behar ditugula esan eban, espetxeetan eta herbesteratuta zagozen guztioi merezi dozuen ongi etorri bakoitzerako bana. Nik ez dakit txistua joten, baina ikasten hasiko naz. Ea zure ongi etorrian, ikasteko denbora gutxi eduki dodalako erabat lotsatzen nazen, berehala gure artean zaitugulako.

Lerro hauekin Berrizen zurekin gogoratzen garela esatea besterik ez naben gura eta 2011 urte ASKE eta ZORIONTSUA OPA. Laster arte Asier!

Eta gainontzeko berriztarrei urteko azken egunean ohi bezala Asier eta beste preso eta errepresaliatuei babesa emon guran mobilizaziora gonbitea hemendik, eguerdiko 12eta Urtiaga plazan.
Berrizko ezker abertzaleko kide bat.

No hay comentarios: