2011/03/01

MARTXOAK 12 8:00etan


Sortzen ditugun hondakinaz ardura hartzeko kanpainarekin jarraitzen dugu Berrizen. Konpostaje ikastaroaren bigarren txanda amaitu berri dugu. Guztira 50 familia ikasi dute hondakinak gestionatzeko modu hau, batzuk euren ortu edo lorategietan, beste batzuk udaletxeko jardinetan jarritako konposteretan egingo dute. Kalkulu batzuk eginda, ikastaroan parte hartu duten berriztarrek –eta eskualdeko beste herrietako batzuk ere- urte betean etxeko hondakin 25-30 tona tratatu eta balioztatu ditzakete konpostajearen bitartez, beste era batean zabortegira edota erraustegira joango zena.

Sentsibilizazio kanpaina horrekin jarraitzeko, eta dauden alternatibak ezagutzeko intentzioarekin, hurrengo urrats bat eman nahi izan dugu. Oraingo honetan Usurbilera joango gara orain dela gutxi martxan jarri duten atez ateko hondakinen bilketa sistema ezagutzera. Autobus bat antolatzea bururatu zaigu, izan ere, hau ez da Berrizko kontua bakarrik, baizik eta eskualde osoko arazo bat da, eta irtenbideak proposatzeko guztion ardura.

Han goizean goiz egotea proposatu digu Imanol Azpirozek, Usurbilgo ingurugiro zinegotzia eta orain gutxi arte –EAJ-PSOE-PP maniobra doilor batek kargutik besterendu zuen arte- San Markoseko mankomunitateko lehendakariak. Txangoa erakargarriago izateko, gainera, sagardotegi batean hartuko dugu armozua.

Autobusa Martxoak 12an zapatuan goizeko 8etan aterako da Berriztik eta 8.15etan Iurretako peajearen parkinean egingo du geldialdi bat, nahiago duzun lekuan har dezazun. Eguerdiko 2etarako bueltan izango gara. Prezio 8 eurotakoa izango da. Izena eman nahi baduzu, berrizmaitedugulako@gmail.com helbidera mezu bat bidali, edota Berrizen Fonda eta Ganeketxen jarriko ditugun zerrendetan apuntatu.

Hondakinen arazoak alternatibak dituelako, anima zaitez eta izena eman!

No hay comentarios: