2010/08/30

Niko Moreno: "Indar subiranisten batuketak isla izan behar du hauteskundeetan"


Prozesu demokratikoaren oinarriak eragile politikoekin adostea da ezker abertzaleak duen lehentasuna orain, Niko Moreno (Bilbo, 1963) Elorrioko (Bizkaia) alkatearen esanetan. «Aldaketa politiko eta sozialerako oinarrien inguruan ados jartzea da gakoa», adierazi du. Udaletxeko bulegoan erantzun die BERRIAko galderei.

Zutik Euskal Herria agiria aurkeztu zenetik, hilabete batzuk iragan dira; zertan dago ezker abertzalearen apustua?
Agiri hori indar politikoekin partekatzen ari gara. Apustu politikoaren ardatz nagusiak zeintzuk diren azaltzeko murgiltze politikoa egiten ari gara. Eta, aldi berean, datorren ikasturte politikorako ildo estrategikoak garatzeko lanean ari gara; hau da, barruko lana egiten gabiltza, Zutik Euskal Herria dokumentua praktika politika konkretu batekin txertatzeko. Bestalde, elkarlanerako oinarriak sendotu nahi ditugu. EArekin oso argi dugu egoera zein den, eta uste dugu badagoela aukera Aralarrekin eta Alternatibarekin esparruak zabaltzeko. EArekin dugun akordio estrategikoa oso ondo bideratuta dago. Oso bide inportantea zabaldu dugu; elkarlanerako indarrak batzeko tresna da, eta orain akordioa zabaldu nahian gabiltza, bai Aralarrekin, bai Alternatibarekin. Gainerako alderdiekin ikusteke dugu, jarrera politiko eta ideologikoak zeharo desberdinak ditugulako.

Nola doa prozesu demokratikoaren eraikuntza?
Agertoki demokratikoa eraikitzeko gutxiengoak zeintzuk izango diren definitzen gabiltza. Oso inportantea da gainerako eragile politikoekin hori adostea, oinarri horiek adosten ditugun heinean, aurrerapauso handiak emango ditugulako. Aurrerakoitzat eta subiranistatzat ditugun indarrekin errazagoa da hori egitea. Eta, haiekin adostu ondoren, besteekin ere eztabaidatuko ditugu. Gutxieneko oinarri horien zertzelada batzuk aipatu genituen Altsasuko eta Iruñeko adierazpenetan: hau da, indarkeriaren erabilerari buruzko hausnarketa, errepresioari buruzkoa, askotariko jarrera politikoak gauzatzeko aukera... Eta, noski, prozesuak aurrera egin ahala, hitz egin beharko dugu biktima guztien inguruan, eta haien erreparazioan. Azken finean, guk aurreikusten dugun agertoki demokratiko horretan, guztiekin hitz egin nahi dugu, eta edozein aukera politiko gauzatzeko aukera egon beharko da.

EAk eta ezker abertzaleak sinatutako akordio estrategikoaren ondoren, elkarrizketak izaten ari zarete beste alderdi batzuekin. Zer lortu nahi duzue elkarrizketa horiekin?
Gure planteamenduak ezagutarazi nahi ditugu, eta batez ere konfiantzak berreskuratu nahi ditugu. Mahai gainean egoera politikoaren inguruko analisia jarri dugu, eta gure asmoa da egungo blokeotik ateratzeko irizpideak partekatzea, eta aurrera egiteko bide zehatzak eta elkarlanerako elementuak adostea. Hortik aurrera, subjektu elektoralak sortzen badira, askoz hobeto. Baina, oraingoz, ez da halakorik bilatu. Hala ere, bai EAEn bai Nafarroan, aldaketarako aukerak ikusten ditugu, nahiz eta egoera politiko ezberdinak izan. Izan ere, Nafarroan badago subjektu bat, Nafarroa Bai, EAEn ez dagoena. Horregatik, oso inportantea da Nafarroan orain izan daitezkeen mugimenduak. Nafarroan aldaketarako baldintzak sortzeko ahaleginak egingo ditugu.

Ezker abertzaleak hitz egiteko borondatea duten alderdi guztiekin ditu kontaktuak. PSErekin hitz egiten ari zarete?
Publikoki esaten ari gara ezetz. Hala ere, sinetsita gaude lehenago edo beranduago, guk aurrera egiten dugun heinean alderdi sozialista mugitu egin beharko dela, ezin izango diolako luzaro eutsi jarrera immobilistari. Katalunian gertatzen dena ez da kasualitatea, eta han era demokratiko batez posible izan da alderdi sozialista mugiaraztea. Guk argi dugu hemen ere sozialistek mugitu egin beharko dutela. PSE eta PP dira egungo markoari eusten diotenak, eta desmarkatzen den lehenak errazago izango du gizarte honetan sinesgarritasuna.

ETAren ekarpena beharrezkoa da abiatutako prozesuan aurrera egiteko? Nolakoa izan beharko luke ekarpen horrek?

ETAren edozein ekarpen beharrezkoa eta ona da. ETAk bere momentuan adierazi zuen ezker abertzalearen apustuarekin bat zetorrela, baina aipatu zuen bakarrik borroka armatua uzteak ez zuela berez gatazka konponduko. Eta hori oso ondo ulertu behar da, ETAren ekarpenak bakarrik ez lukeelako ekarriko prozesuaren amaiera. Iruñean apirilean eginiko agerraldian genioen Bruselako adierazpenak erantzun eraikitzaile bat izan behar zuela. Baina adierazpen horretan ETAri ez ezik, estatuari ere egiten zitzaion eskaera. Izan ere, ekarpenek multilateralak izan behar dute, alde guztietatik etorri behar dute. Uste dut ETAk orain arte egin dituen adierazpenak baloratzeaz gain, aintzat hartu behar dela urtebete luze daramagula jarduera armaturik gabe.

Estatuen jarrerak baldintzatu dezake ezker abertzalearen apustua?

Argi dago estatuak baduela oztopatzeko eta baldintzatzeko gaitasuna. Estatuak denbora honetan guztian ez du eten politika errepresiboa, eta oraindik ere horri eusten dio. Egunero pairatzen dute politika errepresibo hori euskal preso politikoek eta euren senideek. Kalean ere etengabea da poliziaren jazarpena, eta datorren urtea epaiketa politikoz josia dator. Aitzitik, sinetsita gaude gutxieneko batzuetan ados jartzen bagara eta planteamendu subiranista eta demokratikoen inguruan indarrak biltzen baditugu, estatuak lehenago edo beranduago ez duela beste biderik izango agortuta dagoen marko batetik bestera pasatzeko.

Ziurtasun osoz hitz egiten duzu.

Guztiz konbentzituta gaude baldintza sozialak, sozioekonomikoak eta politikoak sekula baino hobeak direlako horretarako. Sinetsita gaude gure tresna guztiak prozesu demokratikoaren zerbitzura jartzen baditugu, lehenago edo beranduago estatuak ez duela beste erremediorik izango apustu hori onartzea baino. Ez dakigu zehatz-mehatz noiz gertatuko den hori, baina guztiz sinetsita gaude. Hori da ezker abertzaleak bere diskurtsoan trasmititzen duen ziurtasuna eta konbentzimendua. Zutik Euskal Herria prozesutik eratorritako ondoriorik indartsuenetariko bat da hori.

Aldaketa politikoak herritarren inplikazioa eskatzen duela esan duzue. Baina nola egiten da hori?

Hori da zailena. Hiritarrek ilusioa behar dute, baina ilusioa izateko, ikusi behar dute baldintzak badaudela, eta baldintza horiek sortzea eragile politikoen erantzukizuna da. Ilusio horrek olatu bat sor dezake, herri honetan badagoelako masa kritiko nahikoa aurrera egiteko. Baina ilusioa pizteko, beste elementu batzuk desagertu behar dira, elementu errepresiboak, tarteko. Gizarte batentzako sekulako higadura delako horrelako errealitate batekin egunero borrokatu behar izatea. Elorrion, adibidez, hamasei preso ditugu, eta herri batentzat, halako egoera batekin bizitzea oso gogorra da. Errealitate horrekin lehenbailehen amaitzeko, indar guztiak ipintzen ari gara.

Aukera guztiak daude irekita datozen hauteskundeei begira?
Aukera guztiak ditugu mahai gainean, baina gure lehenengo aukera eta apustua da ezker abertzaleak subjektu elektoral propioa izatea, ezker abertzalea subjektu propio bat delako, eta bere esparrua aldarrikatzen duelako. Baina ez dakigu nola gauzatuko den hori; ez dakigu gutxieneko baldintza demokratikoak izango diren gure aukera hauteskundeetan egoteko. Denborak aurrera egin ahala bestelako aukerak aztertu eta hartu behar badira halabeharrez, ikusiko dugu. Gure asmoa ez da hauteskunde zerrendetan oharkabean sartzea. Ez da gure asmoa inoren etxean oharkabean sartzea. Subjektu politiko bat izan nahi dugu, hori izango baita gure indarraren erakustaldia. Aldi berean hori izango da termometro indartsu bat estatuarentzat, erakutsi beharko duelako mugitzeko gaitasuna duen ala ez.

Zein garrantzi dauka hauteskunde eremuak ezker abertzalearentzat?

Pisu handia du, noski. Erabat konbentzituta gaude egin nahi duguna ez dela bakarrik kalean egiten, eta bere isla izan behar duela erakundeetako lanean ere. Lan instituzionala oso inportantea izango da marko berri baterako urratsak egiteko. Indar subiranisten batuketak isla izan behar du hauteskundeetan. Lehiak, maila politikoan, kalean irabazi edo galdu egiten dira, baina badu markagailu bat hauteskundeetan. Ez dugu ukatzen hauteskundeetarako prestatzen ari garenik, baina orain beste lehentasun batzuk ditugu.

Zein da biderik eraginkorrena Nafarroan aldaketa bultzatzeko?
Euskal Herri osorako proposatzen ari garena; hots, indar subiranistak eta aurrerakoiak batzea. Nafarroa eta EAE estatu arrazoi bilakatu dira, UPNk eta PSNk bat egin dutelako batean, eta PPk eta PSEk bestean. Aldaketa, beraz, hortik etor daiteke, horren oinarriak mugitzen baldin badira. Oso urduri ikusten ditugu UPN eta PP Nafarroan, baita PSN ere.

Zer-nolako eskaintza egin beharko litzateke hauteskundeetan?
Nafarroan aldaketarako eskaintza egin behar da. Nafarroan oso argi ikusten dira aukerak, bloke autonomista eta bloke aurrerakoia edo subiranista oso argi daudelako. Gakoa da ados jartzea aldaketa politiko eta sozialerako oinarrien inguruan. Eta denak ohartzen dira Nafarroan hori gerta daitekeela. Aurreko hauteskundeetan ikusi zen ezker abertzalea legez kanpo egonda ere zein izan zen indar korrelazioa. Hortaz, ezker abertzaleak lortzen badu hauteskundeetan bere ekarpena egitea, Nafarroan aldaketa egon daiteke.

Zer dago azken asteetan gertatu diren zaborrontzien erreketen eta bestelako erasoen atzean?
Ez dakigu. Dakiguna da susmagarria dela oso. Izan ere, aspalditik daramagu ETAren jardunik gabe, eta ezker abertzaleak bere apustu politikoa egin zuenetik praktika batzuk desagertu direla ikusi dugu. Kuriosoa da orain agertzea horrelako gertaerak, izaera politikorik ez dutenak, ez forma aldetik, ez planteamendu aldetik. Ezin dugu baieztatu edo ziurtatu horren atzetik gerra zikina dagoela, baina elementu batzuk elkartzen direnean efektu domino bat sortzea oso erraza da. Edozeinek daki halako trastakeria bat eginda egunkari guztietan aterako dela. Egoera honek balio izan du oihartzun mediatikoa izateko, eta ezker abertzalearen apustuak mugiaraziko dituen eragile guztiak izan dira, hain justu, guregana jo dutenak esanez gure erantzuna ez dela nahikoa izan. Batzuk beti ari dira bilatzen aitzakiaren bat, hitz bat, gaitzespenarena. Esaten dugunean halako ekintzek gure praktika politikoa oztopatzen dutela, edozeintzat ari gara, horren atzean dagoen edozeinentzat, ez dugulako uste hori egiten duena orain Euskal Herrian agertzen ari diren elementu politikoekin bat datorrenik eta eroso sentitzen denik. Era berean, erakunde, alderdi eta alkate batzuen jarrera arduragabea salatu behar dugu. Egoera aldatzeak eurengan sortzen duen urduritasunaren sintoma da azken asteetan afera honen inguruan izan duten jarrera. Batzuk nahiago dute egoera bere horretan mantentzea.

Erasoen jatorria bat ala bestea izanda, ezker abertzalearen desmarkatzea erabatekoa da?

Bai, erabatekoa da. Eta horrela adierazi dugu. 



No hay comentarios: