Aste pare batean bi agindu ezberdin etorri dira Berrizko udalera eta biek Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian epaitua izan den Asier Virumbrales berriztarrarekin dute zerikusia. Udaletxeak dinamika horretan “goitik” datozen aginduak betetzea baino ez al du? Non geratzen da udalen autonomia?
2008ko udaberrian Amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako epaiketa gauzatu zen Entzutegi espainolean. Bertan, Berrizko bi herritar izan ziren epaituak; Asier Virumbrales eta Julen Arzuaga. Udalbatza batean 3.000 eurotako partida bat ematea erabaki zen, Madrilerako bidaiak eta egonaldien gastuetan laguntzeko, Entzutegi Nazionalaren papera salatu eta AAMaren egitekoa babesten zen bitartean. Hartutako erabakia Rosa Díez UPyD-ko liderraren belarrietara heldu zen El Correon agertutako informazio baten bitartez eta salaketa bat tarteratu zuen Auzi Administratiboaren Epaitegian, hartutako erabaki hori atzera jotzeko. Auzia urte eta erdiz luzatu ostean Bilbon dagoen Epaitegiak erabakia eman du: udalak ezin du diru partida hori eman. Dirulaguntzak emateko eskubidea ez dago auzian, arazoa beste bat da Auzitegiarentzat: udalbatzak balorazio politikoa egiten du dirulaguntza emateko, eta hori egiten du ez dagozkion gaien inguruan. Horretan datza arazoa!! Ezin du balorazio politikorik egin!! Eta etorkizunean horrelako erabaki politikoak hartzeko udalbatzaren gaitasuna guztiz murriztua geratzen da.
Ez da izan Berrizko presoarekiko eman den murrizketa bakarra. Rodolfo Ares barne sailburuak Eudeleko zuzendaria den Jokin Bildarratzekin sinatu berri duen akordioaren ildotik, presoen argazkiak kentzeko dinamikak bere horretan dirau, uda osoan herriz herri garatu den sorgin-ehiza kanpaina obsesibo horrekin. Orain dela egun batzuk Durangaldeko Ertzaintzaren komisaldegian ertzainburu berria izendatu dute eta Berrizko alkatearekin elkarrizketatu izan da. Olakuetako plazan dagoen Asier Virumbralesen argazkia kendu behar omen du. Agindu bat da. Jabi Azpitarte, Berrizko alkate denak, pentsatzeko egun batzuk beharko zituela erantzun zion.
Izan ere, legez, udaletxeek badute herriko kontuetaz berba egiteko eta erabakiak hartzeko kapazitatea: udal autonomia deitzen da. Horren aurrean “autoritate printzipioa” inposatzen ari dira. Etengabe ikus dezakegu “goitik” datozen agindu horiek nola betearazi behar diren. Non geratzen da udal autonomia? herri administrazioek beste instituzioek ematen dizkieten aginduak betetzera murriztu behar al dute? “Amen” esatera mugatu?
No hay comentarios:
Publicar un comentario