Gizarte Segurantzaren RED sistemak gero eta gestio gehiago bideratzen ditu eta, abian jarri zenetik urte asko
pasatu bada ere, gaur egun ez dago euskaraz, katalanez eta gailegoz erabiltzerik.
Ondorioz, enpresa edo erakunde bakoitzean dauden langileei buruzko gestioa egin ahal izateko (esate
baterako, altak, bajak, gizarte aseguruen ordainketak…), gaztelera erabiltzera behartuta gaude.
Gaur arte, zeregin horiek euskaraz egiteko aukera izan dugu. Hala ere, ez da erraza izan zeregin horiek
euskaraz egitea, Gizarte Segurantzak ez dituelako beharrezko inprimaki asko euskaraz eskaini. Horrek lan
gehigarria ekarri dio udal eta enpresei, agiriak euskaraz jartzen edo eskuratzen saiatu behar izan duelako.
Duela urte batzuetatik RED sistema jarri du abian, baina indarrean jarri zenetik hona Gizarte Segurantzak
ez du inolako ahaleginik egin eleaniztasunera egokitzeko. Beraz, ez euskaldunok bakarrik, katalanek eta
gailegoek ere ez dute aukerarik euren hizkuntzan jarduteko. Zer esanik ez asturiarrek eta aragoieraz mintzo
direnek. Hau da, guztira ia 14.000.000 pertsonak (hamar biztanletik hiruk) ezin dugu gure hizkuntza erabili
Gizarte Segurantzaren RED sisteman.
UEMAko udalek zein enpresa askok euskara daukagu lan hizkuntza, baina, kanpotik, euskaraz lan egiteko eta
bizitzeko aukera hori ukatzen zaigu.
Gainera, 2011ko urtarriletik aurrera ezin izango da papera erabili, eta enpresa eta erakunde guztiak behartuta
gaude RED sistema erabiltzera, gaztelania hutsean. Hartara, Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroako Foru
Erkidegoan, Katalunian, Valentzian, Balearretan eta Galizian gure hizkuntza propioak babesteko dauden lege
guztiak erabat baztertu eta zokoratu ditu Gizarte Segurantzak.
Hori ikusita eta arazoa konpontzeko, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea harremanetan jarri zen Bizkaiko
Gizarte Segurantzarekin. Erantzunik ez zegoenez, Espainiako Legebiltzarreko euskal parlamentari batzuei
arazoaren berri eman zitzaien, Espainiako parlamentuan arazoa mahai-gaineratzeko. Horren ondorioz,
EAJren ekimenez, ez-legezko proposamena onartu zen azaroan Madrileko legebiltzarrean Estatuko
Administrazioa eleaniztasunera egokitzeko beharra azpimarratzeko eta, zehazkiago, zerbitzu telematikoetan
epe labur-laburrean eskubide horiek bermatzeko egin beharrekoak egin zitzaten.
Gestio horien ondorioz, UEMAri eta bertan parte hartzen duten hiru udali behin-behineko baimena eman
zieten euskarazko paperezko agiriak erabiltzen jarraitzeko, RED sistemaren ordez. Nolanahi ere, langileen
gizarte zergak ordaindu behar dituen bakoitzean, Gizarte Segurantzako bulegoetara joatera “zigortu” dituzte
lau erakunde horiek. Bestalde, Gizarte Segurantzak ordainketa horiek finantza erakundeetan egin ahal
izateko, “Autorizado” zigilua jarri eta berriro finantza erakundera joan beharko dute, ordainketa egitera.
Azken batean, euskaraz lan egin nahi izateak lan gehiago eragin digu, paperean funtzionatu behar izatearen
ondorioz.
Guzti horrengatik, UEMAren eta euskaraz diharduten gainerako udal eta enpresen eskubideak kontuan
hartuz, Gizarte Segurantzari honako eskaera egiten diogu:
Hizkuntz alorrean dauden lege guztiak betez eta betearaziz, Gizarte Segurantzak ez dezala baztertu
euskaraz edo tokian tokiko berezko hizkuntzetan lan egiteko erabakia hartu duen erakunde publikoak,
eta onar dezala gaztelania ez beste hizkuntzak erabiltzea Gizarte Segurantzarekiko idatzizko
harremanetan.
Bigarrenik, RED sistemari dagokionez, Gizarte Segurantzak sistema hau ahalik eta lasterren euskaraz,
katalanez eta galizieraz erabiltzeko aukera eman dezan, aparteko lanik edo ezelango zigorrik jaso
behar izan gabe.
UEMAko Zuzendaritza batzordea.
2011ko martxoak 7
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario